5.1. Diru-laguntzak
A. Baimen ordainduak
Jaiotza edo adopzioaren kasuistiken kasuan ez bezala (gurasoen baimen ordainduak baitaude), Europako herrialde gehienek ez dute aitortzen ezintasunen bat duten edo osasun-egoera larri-larrian dauden senideentzako arreta-baimenik.
“Familiaren barruan gobernuek prestazio ez formalak (batez ere une jakinetan) aitortzeko bidean aurrera egiteko beharra” (COFACE, 2011) Europako familia-elkarteen aldarrikapen nagusietako bat da. Azken horiek apustu garbia daukate “estatu-kideei familia zaintzeko gutxienez hiru hilabeteko baimen bat emango dien legedi europarra garatzeko orduan, gutxienez gaixotasun-bajaren mailan ordainduta eta lanari eta gizarte-prestazioei dagokienez babestuta”.
Esparru europarrean, Finlandian eta Frantzian esaterako, menpeko pertsonak zaintzen dituztenei ordaintzeko sistemak dauzkate. Era berean, Espainian ere badago figura hori, nahiz eta salbuespen bat den (teorian) araua baino gehiago.
EAEn Europa mailako sistema aitzindaria jarri da arlo horretan, lehen urratsak eman baitira mendetasunen bat duten edo osasun-egoera larrian dauden senideen zaintza aitortzeko bidean (mendetasun-egoeran edo larritasun handian dauden senideak zaintzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bidez, lana eta familia uztartzeko xedez), familia eta lana uztartzen laguntzeko, gizon eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatuz.
Laguntza horien barruan sartzen dira lanaldi-murrizketa eta eszedentzia mendetasun-egoeran dauden familientzat, 2.000 eta 3000 euro arteko zenbatekoekin urteko mendetasun-egoeretarako eta 800 eta 1.000 euro arteko zenbatekoekin osasun-egoera larrietarako, 2010eko ekainaren 30eko aginduak 177/2010 Dekretuan aurreikusitakorako adierazten duen bezala.
Laguntza-tipologia honek, orokorrean, Europako familia-elkarteen gomendioak betetzen ditu, azken horiek lan-murrizketa partzialen alde egiten baitute (EAEko kasuan bezala) lanaldi osoko eszedentzia luzeen alde baino gehiago. Diotenez, horrelako baimenek “aukera eman behar dute mendetasun-egoeran, gaixotasun larriekin, ezintasundun senideekin eta abar dauden pertsonei laguntzeko eta nahikoa malguak izan behar dute, hala nahi izanez gero, lanarekin eta arreta-sistema formalekin bateragarri izateko” (COFACE, 2011).
Malgutasuna, lana uztartzeari begira, ezinbestekoa da arrakasta lortzeko. Izan ere, honakoak lortu behar dira:
Hala ere, familia ahulentzat (esaterako, gurasokide bakarrekoentzat edota errenta baxua dutenentzat) arazoak sortzen dituzten diru-laguntzak dira. Izan ere, koordinatzaileak berak dioenez, “ordainketa-mailaren eta gizarte-laneko babesaren bermea oso garrantzitsua da orokorrean, baina kritikoa da familia ahul batzuentzat, adibidez, gurasokide bakarreko familientzat, beraiek batira ahulezia-egoera handienean daudenak, familia-sare txikiagoa eta diru-sarrera baxuagoak dituztelako eta figura heldu bakarrak dauzkalako diru-sarrerak. Ondorioz, bazterkeria-arriskuan geratzeko aukera gehiago dute” (COFACE, 2011).
B. Diru-laguntza zuzenak eta zerga-desgrabazioak
Aitzitik, diru-laguntzak (bai zuzenak, bai, bereziki, zerga-sistemaren bidezkoak) ohikoagoak dira. Horiek aztertu ahal izateko garrantzitsua da administrazioan bi multzo handitan kudeatu daitezkeela kontuan hartzea:
Lehen multzoan haurren estaldura sartzen da, hau da, orokorrean, 16-18 urtera artekoa, haurrei buruzko atalean eta 2. eranskineko 4. taulan sakonago aztertu dena.
Europako herrialdeek orokorrean berariazko osagarriak aurreikusten dituzte ezintasunen bat duten haurrentzat, bai zenbatekoan (oinarrizko zenbatekoa bikoizten dute), bai onura ekonomikoen sarbidean. Berez, errenta baxuekin batera, diru-laguntza zuzena eskuratzeko prestazio ez unibertsalak dituzten herrialdeetan aurreikusitako elementuetako bat da.
Bigarren multzoan 16-18 urtetik aurrerakoentzako diru-laguntzak aurreikusten dira, lan egiteko adinean zehar eta erretiratu ondoren (gaixotasunekin lotutako mendetasunen kasuan, adibidez, gaixotasun neurodegeneratiboekin lotutako kasuetan). Talde honetan bi diru-laguntza mota uztartu ohi dira:
Horrelako diru-hornidurak ere nabarmen aldatzen dira herrialdeen arabera, bai prestazioren unibertsaltasunari dagokionez, bai eskuratzeko bideari eta zenbatekoari dagokienez. 2. eranskineko 9. taulan kontsultatu daitezke datuok zehatzago, baina esan genezake herrialde europar bakan batzuek soilik eskaintzen dituztela horrelako neurriak (Frantzia, Alemania, Danimarka edo Herbehereak), orokorrean hilean 400 € eta 1.300 € arteko zenbatekoekin.
Espainian, mendetasunaren ondoriozko prestazioetarako eskubide subjektiboa aitortuta dagoen arren (eta, ondorioz, sistema unibertsala denez, nahiz ez doakoa, baliabide jakin batzuk ordaindu egin behar baitira pertsona onuradunaren gaitasun ekonomikoaren arabera), betearazpen-maila oso desberdina da bizilekuko autonomia-erkidegoaren arabera, EAE izanik autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen betearazpen-maila altuena duenetakoa bat.
Autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko prestazioak zerbitzuak (gauzazko prestazioak) edo diru-laguntzak (diruzko prestazioak) izan daitezke. Lehenengo horiek lehentasuna dute diruzko prestazioen gainetik, nahiz eta hori, edonola ere, dauden zerbitzuen eraginkortasunaren eta nahikotasunaren araberakoa izango den. Horrenbestez, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko legeko 14.2 artikuluari jarraiki, mendetasunari arreta emateko prestazioei dagokienez, honakoa ezartzen da: “15. artikuluko katalogoko zerbitzuek lehentasuna izango dute eta autonomia-erkidegoetako gizarte-zerbitzuen sareko eskaintza publikoaren bidez emango dira, behar bezala egiaztatutako zerbitzu edo zentro publiko edo pribatu hitzartuen bidez”.